Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendaritza orokorrak positiboki baloratu du Foru Komunitateak Fiturren 40. edizioan izandako parte hartzea eta baita bertan izandako topaketa profesionalak ere. Izandako bileren artean aipagarriak dira Turespañak mundu osoan duen bulego sarearekin izandako bilerak zeinen bitartez merkatu turistiko berriak zabaltzeko aukera zehaztuko den.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia den Maitena Ezkutarik adierazi duen moduan, “beste Autonomia Erkidegoekiko harremanak finkatu ditugu haiekin produktu turistikoak sortzeko; halaber, Ederbidea, Athlantic on Bike edo Gaturi bezalako Europako proiektuak landu ditugu, eta nazioarteko bulegoekin ere lan egin dugu merkatu berriak irekitze aldera”.

Ildo horretan, Nafarroak dozena bat topaketa egin ditu Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren Espainiako Turismo Bulegoekin (ETB). Zehazki, Nafarroako ordezkaritza Japonia, Txina, Mexiko, Errusia, Frantzia edo Austria bezalako herrialdeetako ordezkariekin bildu da edota Alemaniako Frankfourt, Berlin eta Munich edo Italiako Erroma eta Milan bezalako hirietako ordezkariekin. Horrez gain, Amerikako kontinentearekin ere elkartu da: “ildo horretan, San Fermin marka landu dugu New York, Los Angeles eta Chicagoko merkatuarekin”, nabarmendu du Ezkutarik.

Estatuari dagokionean, aipatzekoa da Kanarietako Komunitatearekin egindako bilera, Kanaria Handirako zuzeneko hegaldi berriaren inguruan lanerako eta sustapen turistikorako plana ezarri baitute, ezagutza partekatzeko beste aukera batzuekin batera. Halaber, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari Manu Ayerdi nahiz Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia den Maitena Ezkutari Euskadi, Errioxa, Murtzia, Gaztela eta Leon eta jada aipaturiko Kanariar Irletako ordezkariekin bildu dira, elkarrekin eskaintzen dituzten produktu turistikoak sakontzeko asmoarekin; esate baterako, Inaziotar Bidea (Euskadi, Errioxa eta Kataluinarekin), Vera Cruz Bidea (Murtziarekin) edo Gaturi (Euskadi eta Errioxarekin).

Egindako inkestak

Urtarrilaren 22tik 24ra Fitur azokan egindako jardunaldi profesionaletan zehar, guztira 322 inkesta egin zaizkie sektore turistikoko profesionalei, hots, Nafarroan bizi ez direnei. Inkesta egindakoen kopuru osoaren %21a ostalaritza-sektoreko profesionalak izan dira, %14a bidaia-agentzietakoak, %10a erakunde ofizialetakoak, %9a zerbitzuen enpresetakoak, beste %9a aisialdiko eta kulturako turismokoak, eta besteak komunikazioa, nekazaritzako elikagaien sektorea edo garraioa bezalako sektoreetako profesionalak.

Nafarroako erakusleihora lehen egunetan hurbildu diren pertsonen helburua izan da informazioa eskuratzea eta berrikuntzak bilatzea, topaketa profesionaletan parte hartzea eta Nafarroarekin proiektuak edo itunak garatzea.

Era berean, publikoari oro har irekitako jardunaldietan, guztira 283 inkesta burutu dira. Bildutako datuen arabera, %59ak jada Nafarroa ezagutzen zuen (%41ak, aldiz, ez), eta %27ak Foru Komunitatera bidaiaren bat egiteko asmoa zuen. Nafarroan jada izandakoen artean, berriz, %43a Iruña eta Iruñerrian izan da, %28a Pirinioetako zonan, %11 Erdialdeko Zonan eta %9a Erriberan.

Bestalde, nabarmendu behar da erakusleihoan eskatutako informazioari dagokionean, batik bat Irati, Urederra edo Errege Bardeak bezalako espazioetako ibilbideen inguruko informazioa eskatu dutela; baita ere, bizikletaz egiteko ibilbideak, turismo iraunkorraren aukerak edo familia-turismoaren ingurukoa, gastronomia eta enoturismoa, Foru Komunitateko Donejakue Bideari buruzko informazioaz gain. Herriei erreparatuta, Iruña, Tutera eta Erriberriz galdetu dute gehien.

Komunikazioa eta sare sozialak

Jardunaldi profesionaletan zehar, Nafarroa harremanetan jarri da bidaia-sektoreko berrogeita hamar bat kazetari profesionalarekin. Modu horretan, “5 urtaro, 5 garai” topaketan 60 bat kazetarik hartu dute parte.

Sare sozialetan (Twitter, Facebook eta Instagram) garatutako #NafarroaFiturAzokan kanpainak erantzun zabala jaso du; izan ere, 200.000 inpaktu lortu ditu eta lehen egunetan trending topic izatera iritsi da.

Gaikako mahaiak

Nafarroak Fitur azokan antolatutako jardueren programa zabalean, gaikako hiru mahai egin dira guztira, eta horietan 308 lagunek hartu dute parte. Antolatutako mahai-inguruetan, natura-turismoa, turismo gastronomikoa edo turismo kulturala bezalako gaiak jorratu dira. Gainera, gazta, pikillo-piperrak edo orburuak bezalako tokiko produktuak dastatzera mila lagunetik gora hurbildu dira.