Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak gaur aurkeztu du Fitur Azokako Nafarroako Turismo Erresumaren standean, “Gaturi, proiektua, Gastronomia eta Nekazaritzako Elikagaiak Nazioarteko Helmuga Bakarraren alde”, Euskadi, Errioxa, Pays Basque eta Beárnerekin batera sustatuta. Proiektuaren helburua da gastronomiaren eta nekazaritzako elikagaien marka bat sortzea elkarrekin, komertzializatzeko eta nazioartekotzeko estrategia komunen bitartez.

Proiektua 2020ko urtarrilaren 1etik 2022ko maiatzaren 31ra bitartekoa izango da. Bertan, turismo gastronomikoaren lau ibilbide egongo dira, esperientzien katalogo eskuragarria, bost lurraldeek honako hauetan dituzten gaitasunak islatzearren: tokiko produktuak, lanketa-gastronomia eta helmuga kulturala eta natura. Horrez gain, Gaturi eskualdeko produktuak eta akordio komertzialak merkaturatzeko plataforma izango da, laguntzeko gida eta nazioartekotzeko sustapen-ekintzen dekalogoa.

Halaber, lankidetza honi esker, enpresek erremintak eta baliabideak eskuratu ahal izango dituzte nazioartekotzeari begira; era berean, sinergiak sortzeko aukera izango dute, beste eskualdeetako sektore bereko eteengandik ikasteko aukera, ekoizleek beren produktuak erakutsi eta eskaini ahal izango dituzte, eta turismo-sektoreak onurak izango ditu helmuga bakarra sortzearen ondorioz, enpresei nazioarteko merkatuetara sartzea erraztuko baitie (banaka ezin izango zuten hori lortu).

Gaturik Eskualdeko Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) %65eko finantzaketa du, POCTEFA programaren (2014-2020) bitartez. Guztira 883.198,80 euro jarri ditu EGEFek proiektua finantzatzeko, eta kostu osoa 1.358.777 eurokoa izan da.

Proiektuaren aurkezpenean honako hauek izan dira: Nafarroako Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria, Manu Ayerdi; Errioxako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilaria, José Ignacio Castresana; probintzia bereko Gobernuko Turimoko zuzendari nagusia, Amaia López; eta Basquetourren zuzendari nagusia, Harkaitz Millán. Horiez gain, bertan izan dira Nafarroako Ostalaritza eta Turismoaren Elkarteko lehendakaria, Ana Beriain; INTIAko kudeatzailea, Juan Manuel Intxaurrandieta eta Bitartean Mugaz Haraindiko Merkataritza Ganberako zuzendaria, Olga Irastorza, bi ganberen ordezkari gisa: CCI Bayonne Pays Basque eta CCI Pau Béarn.

Aurkezpenaren ondoren, bost lurraldetako produktu gastronomikoak dastatu ahal izan dituzte bertaratuek; hala nola, Nafarroako zainzuriak, Lodosako pikillo piperrak, antxoa gildak oliba eta piperrarekin, atuna eta berdel keatua, Idiazabal gazta, Kintoa urdai azpikoa, Aldudesko saltxitxa, Espeletteko piper patea, Espeletteko gelatina eta piperbeltza, euskal pastela, Baionako txokolateak, Itxassouko gerezi marmelada, Ossesko foie gras blokea, Ossau Iraty ardi-gazta eta Askaingo sagar-zukua. Era berean, edari hauek izan dituzte: DO Rioja ardo beltza, DO Navarra gorria, Euskal Herriko txakolina, Espeletteko gin piperbelzduna, Irouleguy ardo zuria (AOC) eta Harri Gorri Irouleguy ardo beltza (AOC).

Turismo gastronomikoaren bestelako proposamen batzuk

Gaur (osteguna) goizean zehar, Nafarroako Erresuma standean, Nafarroako turismo gastronomikoari buruzko gaikako mahai-ingurua ere egin da, eta, bertan, Nafarroako Ardoaren Ibilbideko ordezkariek, Erriberako gertaera gastronomiko nagusietakoek eta nekazaritzako elikagaien eta gastronomiaren diseinuarekin loturiko Iruñeko proposamen berriko ordezkariek hartu dute parte.

Moderazio-lanetan, Javier Zori aritu da, Viajes National Geographic-en online erredaktore burua, eta Gaturi proiektuaren ordezkaria, Ana Beriain, ere bertan egon da.

Bestalde, Erdialdeko Zonako Kontsortzioaren kudeatzaile Cristina Bayonak azaldu du Ardoaren Ibilbideak jarduera mordoa proposatzen dituela urte osoan zehar egiteko; hala nola, upeltegietarako bisitak dastatze eta guzti, mahastien arteko paseoak, txokolatearekin eta trufarekin uztartzeak, ihesaldi ekoturistikoak edo buggy, lur orotako motorreko edo segway abenturak Foru Komunitateko paisaiak ezagutzeko.

Era berean, Tuterako alkateak, Alejandro Toquerok, eta Tuterako Orden del Volatín Elkarteko lehendakariak, Rafael Remírezek, Tuterako egutegi gastronomikoa azaldu dute, eskualdeko tokiko produktuak sustatzeko eta zabaltzeko asmoarekin, bereziki jatorriaren bidezko kalitate-aitorpena duten barazkiak. Gertaeren egutegia nekazaritzaren produkzio-zikloetan oinarritzen da, urtean zehar helmugaren bizitasuna erakustearren. Gainera, bisita antolatuak eta paketeak eskaintzen ditu, tartean jardueretan parte-hartzea, paisaia tradizionaletako ibilbide gidatuak eta dastatzea upeltegietan eta dolareetan, besteak beste. Horrekin lotuta, Tuterako eta Nafarroako Erriberako barazkiaren Jaien programaren berri ere eman dute mahaian, produktu horren inguruan Espainian egiten den jai handiena izanik.

Azkenik, Nafarroako oliba-olioan aditua den kazetariak eta Nafarroako Gobernuaren Olioaren Panel Ofizialeko kideak, Ana Iruritak, Nort Festival aurkeztu du; alegia, Diseinuaren eta Gastronomiaren lehen Topaketa Nazionala, Iruñako Udalak babestua eta otsailaren 7an eta 8an Baluarten egingo dena. Hitzaldiak, musika eta dastatze-ekitaldiak egongo dira, eta sektoreko eta nekazaritzako elikagaien industriako profesionalak ez ezik, ikasleek ere parte hartuko dute.