Nafarroako zikloturismoa indartzea eta bultzatzea, turismorako alternatiba iraunkor, integratzaile eta osasungarri gisa, horixe da Foru Gobernuak hurrengo urteetarako ezarri duen helburua. Lan horretan, Next Generation ekonomia berreskuratzeko Europako funtsek zeregin garrantzitsua izan dezakete, Maitena Ezkutari Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusiak gaur nabarmendu duenez, Nafarroako Zikloturismoari buruzko jardunaldian, turismoaren sektoreko eta tokiko erakundeetako 250 pertsonaren aurrean.

Irekieran, Turismoko Estatu idazkari Fernando Valdesek topaketa hau antolatu izana eskertu du, zikloturismoa lurraldean balioa sortzeko eta garapen iraunkorra bultzatzeko elementu gisa erakustearren. Era berean, lan egiteko konpromisoa hartu du bizikleta nazioarteko merkatuetan susta daitekeen produktu turistiko izateko, estatuan Zikloturismoko Klub bat sortzearen aldeko apustua egitearekin batera.

Nafarroako Gobernuak bizikleta sartuta du jada lehentasunezko ardatzen barruan, Turismoaren 2018-2025 Plan Estrategikoan, eta garrantzi berezia izan du 2020an, COVID-19aren pandemian zehar. Azken hilabeteetan, zikloturismoak zerbaitegatik hartu du indarra tokiko aisialdirako eta turismorako aukera moduan, eta, era horretan, Bidasoako, Vasco-Navarroko, Tarazonikako eta Iratiko bide berdeetan bikoiztu egin da bisitarien kopurua.

Hornidurak eta azpiegiturak hobetzeko Europako funtsak lortzea eta bizikletaren inguruan zerbitzu-sorta ugari eta askotarikoak sortzea funtsezkoa izango da Nafarroako biztanleen artean ez ezik, estatuko eta nazioarteko biztanleen artean ere zikloturismoaren aldeko interesari eusteko eta hori areagotzeko, pandemia hobetzen denean. Ildo horretan, Ezkutarik gogoratu du Nafarroa “Europako bizikleta-ibilbide nagusien sarrerako atea dela penintsulan, eta horrek zikloturismo-arloan erreferentziazko helmuga bezala kokatzeko gure potentziala indartzen duela”. “Egoera hau bizitzen ari garen arren, etorkizunera begiratzen jarraitu behar dugu. Gure kokapenak nazioartekoagoa den merkaturako atea irekitzen digu, eta aprobetxatu egin behar dugu”, animatu du.

Zikloturismoan 2.300 milioi joan-etorri urtean Europan

Zikloturismoak Europa mailan duen indarra ez da batere mespretxagarria. Europako Txirrindularitza Federazioaren azken txostenaren arabera, EBen batez beste 2.300 milioi joan-etorri egiten dira urtean zikloturismoan, eta horrek 44.000 milioi euroko eragin ekonomikoa sortzen du. Gainera, 2022rako bizikletaren merkatuan espero den urteko hazkunde-indizea %5,5ekoa da. Sektore horren atzean, 525.000 lanpostu inguru daude EBeko Estatu kideetan. Bide horretatik lortutako diru-sarreren Europako rankingean, Espainiak hobetzeko marjina handia du oraindik, hamargarren postuan baitago. EBek bizikletaren erabilera %50 gehitzea gomendatzen du 2030erako garraio gisa. Beraz, Europako funtsak lortzea funtsezkoa da ibilbide berriak bultzatzeko, lehendik daudenen azpiegiturak hobetzeko eta bizikletaren inguruan zerbitzuen sarea sortzeko. “Horrez gain, nabarmendu behar da bizikletaren inguruko ekonomiak mozkin handiagoak sortzen dituela tokiko saltokientzat gainerako garraiobideek baino; izan ere, bizikletaren erabiltzaileek gastu handiagoa dute zerbitzuetan eta saltokietan beste garraiobide batzuen erabiltzaileek baino”, azpimarratu du Ezkutarik.

Nafarroak, azken urteetan, mugaz gaindiko Ederbidea proiektua bultzatu du, guztira 9,4 milioi euroko aurrekontuarekin eta Europar Batasunak %65 finantzatuta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bidez. Horrez gain, honako hauek bultzatu ditu: Eurozyklo, Pirinioetako mugaz gaindiko lehen bide berdea; BiciMugi, landa-eremuko mugikortasun inklusiboa sustatzen eta 4,4 milioi euroko aurrekontua duena; eta Atlantic On Bike, EuroVelo1 barruan, 4,7 milioi euroko aurrekontuarekin (%75 EGEF funtsetatik dator), Norvegia eta Portugal lotzen dituena Atlantikoko kosta osoan zehar eta Iberiar Penintsularako sarbidea Nafarroatik duena.

Nafarroako Zikloturismo Plana aurkeztu da

Jardunaldia Navarra Arenan egin da, eta, bertan, Europako testuinguruaren barnean, zikloturismoak Nafarroan egun duen egoeraren erradiografia osoa eskaini ahal izan da. Ildo horretan, Foru Komunitatearen mugikortasun-estrategia ez ezik, Zikloturismo Plana ere aurkeztu da, azken hori Nafarroako Gobernuak egina sektorearekin lankidetzan, zikloturismoaren inguruko produktu egituratua, egokitua eta helburu publikoarekin koherentea dena sortzeko, sinergia publiko-pribatuak bilatuaz, Nafarroa helmuga natural, iraunkor, adimentsu, osasungarri, ekologiko, zikloturista eta inklusibo bezala kokatzen laguntzearren.

Era berean, Nafarroako proiektu ezberdinak, jardunbide egokiak eta bizikleta-bideak nahiz foru-lurraldea zeharkatzen duten Europako proiektuak aztertu dituzte, eta sektoreko profesionalek beren esperientzien berri eman dute, bizikletarekin loturiko produktu turistikoak eta zerbitzuak eskainiaz. Azken urteetan, Nafarroan zikloturista-kopurua gehitu dela nabarmendu dute eta pozik daudela 'Nafarroa bizikletan' esperientziarengatik. Halaber, azpimarratu dute turista horien batez besteko gastua altuagoa izan ohi dela. Sektorearen ordezkariek adierazi dute beharrezkoa dela aktore publiko eta pribatu guztiek sarean lan egitea 'Nafarroa bizikletan' helmuga bakarra sortzeko eta zikloturismoaren nazioarteko merkatuan kokatu ahal izateko. Horiei guztiei batu zaie txirrindulari profesionalen eta bizikletaren enbaxadoreen ahotsa erabiltzaile gisa; hots, Idoia Eraso, Imanol Erbiti, Estíbaliz Sagardoi eta Enrique Sanz. Bizikleta garraio, aisialdi eta turismo iraunkorraren aukera gisa defendatu dute. Era berean, Atlantic on bike-eko bazkideek modu birtualean eta bideoz hartu dute parte sektorearen topaketa honetan.