Sodena sozietate publikoak hitzarmen berriak sinatu ditu Elkargi eta Sonagarrekin enpresak eta autonomoak COVID-19aren aurrean babeste aldera 

Sodena sozietate publikoak (Nafarroako Garapen Sozietatea, SL), Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentura atxikitakoak, hitzarmen berriak sinatu ditu elkar bermatzeko Elkargi eta Sonagar sozietateekin, enpresei eta autonomoei laguntza emate aldera COVID-19aren aurrean. Zehazki, banku-finantzaketako eragiketa berrietarako abalak ematea bultzatuko du, guztira 100 milioi eurora bitarte.

Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran izan du neurri horien xehetasunen berri; era horretan, neurri horri heltzen dioten eteek eta autonomoek behar adinako gaitasuna izatea nahi da sei hilabeteko denboraldi arruntean izan ohi dituzten egiturako gastu finkoak finantzatzeko.

Garapen Ekonomikoko kontseilaria eta Sodenako lehendakaria den Manu Ayerdiren arabera, neurri honen helburua da “koronabirusaren osasun-krisiak sortutako egungo zalantza ekonomikoaren aurrean, eteek eta autonomoek banku-finantzaketa azkar eta baldintza onenetan lortzeko aukera erraztea”.

Akordio horietako testuen arabera, eragiketa horiek gehienez milioi bat eurokoak izango dira, eta Euriborra + %0,5 eran emango dira, abala irekitzeko %0,25eko komisioarekin.

Eragiketaren arrisku osoa, gainera, estalita geratuko da, Sodenak berak bere gain hartuko baitu eskatu ohi diren kontragarantien %20ra bitarte; gainerako %80az, berriz, Elkargi eta Sonagar arduratuko dira Estatuko berme-sozietatearekin (CERSA) batera. Horrez gain, enpresa onuradunek ez dute abalen mantentze-kosturik ordaindu beharrik izango, horiek elkar bermatzeko sozietateek eta Sodenak jasango dituzte-eta.

Bestalde, Elkargirekin eta Sonagarrekin sinaturiko hitzarmenaren arabera gauzatutako eragiketa bizietarako finantza-erakundeek sei hilabete eta urtebete arteko gabealdia eman dezaten, Nafarroako Gobernuaren sozietate publikoak bere gain hartuko ditu komisio bidez sortzen diren gastu osoak.

Izapidetzeko prozesua

Elkargik eta Sonagarrek hainbat kanal prestatu dituzte informazio gehiago eskaintzeko nahiz prozesu osoa abian jartzeko eta ete eta autonomo interesatuek eskaera bizkor eta erraz izapidetu dezaten.

Horretarako, Elkargik honako bide hauek jarri ditu herritarren eskura: 948 227 722 telefonoa, www.elkargionline.com web orrialde espezializatua eta comercialnavarra@elkargi.es. posta elektronikoa.

Bestalde, Sonagarrek bide hauek jarri ditu: 948 228 513 telefono-zenbakia eta lineaCOVID19@sonagar.es. posta elektronikoa.
 Enpresa-proiektuetarako finantza-laguntza.

Sodena Foru Komunitaterako balio erantsia duten enpresa-proiektuak antzeman eta garatzeko Nafarroako Gobernuak duen instrumentua da; baita, eskualdeko Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren diseinua eta ezarpena koordinatzeko ere, lankidetza, hazkundea eta lehiakortasuna bultzatuaz, eskualdearen garapena eta kalitatezko enpleguaren sorrera sustatuta.

Enpresa-proiektuentzako finantza-laguntza, tokikoena nahiz kanpotik erakarritakoena, nagusiki kapitalean parte hartuta eta parte hartzeko maileguen bitartez egiten da. Proiektu horiek Nafarroarekin lotuta egon behar dute, eskualdearen garapen orekatu eta iraunkorrerako modu aktiboan eta esanguratsuan lagunduaz. Laguntza teknikoa, berriz, inbertsiogileekin eta enpresekin koordinatuta, lagunduta eta lotuta egiten da, proiektuak Nafarroan kokatzea erabakitzeko behar izan dezaketen edozein laguntza emanaz.

Gaur egun, guztira 173 enpresa-proiektutan hartzen du parte, horien artean zuzenean 96tan eta 77tan zeharka, sektoreko arrisku kapitaleko 12 funts espezializaturen bitartez.