Nola baloratzen duzue ezartzen ari den espazio turistikoen plangintza-, koordinazio- eta antolaketa-eredu berria (ETKU)?

Ongi deritzogu ideia horri, eredu berriaren oinarriari, batez ere uste dugulako lurraldearen eta administrazioaren arteko koordinazioa hobetuko duela, baita lurraldearen eta bertan lanean ari diren figuren artekoa ere, gure kasuan, Tierra Estella-Lizarraldean. Era berean, inplikatutako eragileen arteko komunikazioa sendotuko duela uste dugu; hori oso positiboa da eguneroko lanean eskutik joateko, baldin eta funtzionamendu-eredu berri hori planteatu moduan garatzen bada, alegia, eragile bakoitza modu inpartzial eta parte-hartzailean parte hartzen badu dagokion lurraldean, bere rola edo funtzioa betez, ahalegin horretan guztiok lekua izan dezagun.

Nafarroak arlo turistikoan etorkizunean izango dituen erronketara egokitzeko sektoreari eskaintzen zaion prestakuntza positiboa iruditzen al zaizue?

Jakina. Gure ustez, prestakuntza oro beti da plus bat sektorea egoera berrietara edo gure erkidegoko gaurkotasun “berrira” egokitzeko. Are gehiago, prestakuntza indartzea eta denboran jarraitua izatea ezinbestekoa iruditzen zaigu, beti baitaude ikasi beharreko joera, proiektu eta eredu berriak. Interesgarria irudituko litzaiguke aldian behin galdeketa bat egitea sektorearen premiak jasotzeko eta, era horretan, etorkizunean aurreikusten diren prestakuntza-saioak are hobeto bideratzeko. Gainera, prestakuntza horien barruan, gure ustez, Turismok laguntza tekniko zuzenagoa eskaintzea beharrezkoa da, prestakuntzaren ondoren sor litezkeen zailtasunak edo zalantzak konpontzen laguntzeko; jarraipena edo laguntza, ikasitakoa aplikatzeko, parte-hartzaileak babesgabe senti ez daitezen beren jardueraren garapenean. Zuzeneko kontaktua izatea, hots egin ahal izateko ate bat. Batasunak asko indartzen du sektorea.

Zeintzuk dira zuen eskualdean Next Generation Funtsen Planekin lotutako proiekturik berehalakoenak?

Hori guztia gure lurraldeko Helmuga Planean jasotzen diren proiektuen araberakoa izango da; izan ere, hemendik aurrera, plan hori diseinatzeko lanean ari dira, eta bertan jasoko dira sar daitezkeen proiektuak. Hala ere, gu, Partzuergo garen aldetik, lurraldeko beste eragile batzuekin batera ari gara lanean, eta planteatzen diren funts berri horiek eskuratzeko hainbat proposamen daude. Horien artean, gure etorkizuneko erronka nagusia egoitza handitzea litzateke (Estella-Lizarrako tren-geltoki zaharrean dagoen Partzuergo Bulegoa eta Turismo Informazioko Puntua), estreinatu berri den eta uda honetan hain harrera ona izan duen bizikleta elektrikoak alokatzeko zerbitzura egokitzeko. Era horretan, Informazio Puntuetan lortu nahi den helburuetako bat bete ahal izango dugu: bisitariari zerbitzuak eskainiko dizkion informazio-bulego baten arteko lotura izatea.