Nola baloratzen duzue ezartzen ari den turismo-espazioen planifikatu, koordinatu eta antolatzeko eredu berria (ETKU)?

Aurreko ereduarekin alderatuta, ETKU ezartzea aurrerapausoa izan dela uste dugu Sakanan. Izan ere, zenbaitetan, lurralde-eragileen artean koordinaziorik ez zegoenaren eta elkar ulertzen ez zutenaren sentsazioa genuen, eta eragile horien heterogeneotasunak zaildu egiten zuen lurralde-barruko zein lurraldeen arteko koordinazioa. Horregatik, eta ikuspegi pragmatiko batetik, uste dugu lurralde-unitateka planifikatzeko, koordinatzeko eta antolatzeko proposatutako ikuspegia positiboa dela, eta arestian aipatutako gabeziei aurre egiteko oinarriak jartzen dituela.

Halaber, gure ustez, lurralde-eragileen parte-hartze handiagoak estrategiak lerrokatzea eta sinergiak sortzea sustatuko du. Bestetik, hainbat eskualde ETKU berean integratzeko, elkarlan-kultura sortzeko ahaleginak egin beharko dira. Gure kasuan, azken urteotan Plazaola Partzuergoarekin garatu dugun beste urrats bat izango da.

Zuen ustez, sektoreari eskaintzen zaion prestakuntza positiboa al da Nafarroan turismoaren etorkizuneko erronketara egokitzeko?

Oso positibotzat jotzen dugu Turismoko Plan Estrategikoaren harira onartutako prestakuntza-plana. Gaur egungo egoeraren ondorioz, online prestakuntzaren formatua da nagusi, eta uste dugu abantailak izan ditzakeela lurraldeentzat, prestakuntza anitzagoa eskuratzeko. Gainera, uste dugu horrelako eskaintza zabal eta askotarikoak zaildu egin dezakeela egin beharreko prestakuntzak aukeratzea, eta, hortaz, uste dugu positiboa izango litzatekeela parte-hartzaileek autodiagnostikorako tresnaren bat izatea, prestakuntza-plan indibidualizatua definitzeko balioko liekeena.

Zeintzuk dira zuen inguruan Next Generation funtsen planekin lotutako proiektu hurbilenak?

Gure eskualdean, bizikleta-bidea eta Sakanako Done Jakue bidea dira proiektu nagusiak. Biek ala biek azpiegitura eta natura- zein kultura-ondarean oinarritutako turismo aktiboaren ikuspegia partekatzen dute, betiere mugikortasun iraunkorra lehenetsita, zeinak turismo aktiboago baten eskaerei eta, aldi berean, herritarren mugikortasun-premiei erantzuten dien.