Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak guztira 383 ekintza egin ditu 2019ko abuztura arte, ostatuak eta turismo-jarduerak ikuskatu, kontrolatu eta gainbegiratzeko. Aldi horretan, ustez legez kanpokoak diren apartamentuen inguruko 76 salaketa jaso ditu, eta 36 zehapen-espediente ireki dira. Arau-hauste horiek 6.000 eurora arteko isuna izan dezakete kasu larrian, eta oso larritzat jotzen badira, 60.000 euro artekoa .

Turismoaren Ikuskapen Plana 2017ko otsailean onartu zen lehen aldiz, eta, aurten, sektoreko partikularrek edo elkarteek Turismoan behar bezala erregistratuta dauden baina baimendu gabeko jarduerak edo datu okerrak argitaratzen dituzten establezimenduen gainean egindako salaketetan edo komunikazioetan oinarritu da. Salaketa horiei erantzuteko asmoarekin, ohartarazpenak egin zaizkie 105 enpresari datuk horiek zuzendu ditzaten, lehen urrats moduan eta informazioa aitortutako errealitatera egokitzeko.

Bestalde, apartamentuen nahiz etxebizitza turistikoen eskaintza klandestinoa eta freetours eskaintzak kontrolatzeko segimendua egin da. Gero eta partikular edo bizilagun gehiagok salaketak aurkezten dituzte alokairu irregularrak egiten ari direla uste badute. Modu horretan, ustez legez kontrako 76 bat establezimenduren gaineko salaketak erregistratu dira. Nahiz eta behin espedienteak egiaztatuta denak horrela ez izan, salaketa horien bitartez, orain arte, 36 zehapen-espedienteri hasiera eman zaie.

Era berean, plataforma ezberdinetan erregistratu gabeko ostatu-eskaintzaren egoeraren azterketa maiatzean eguneratu zen, eta, horri esker, nolabaiteko aldaketa ikusi da sareetako eskaintzaren joeretan. Partekaturiko etxebizitzetako logelen eskaintzak nabarmen gora egin du, %58, 2016ko %44aren aurrean, eskaintzaren %48ak plataforman 9 iruzkin baino gutxiago izan arren.

Aipatzekoa da erabilera turistikoko apartamentuen eta etxebizitzen eskaintza asko gehitu dela azken urteetan, batetik, ikuskapen-lanak erregistratu gabeko eskaintza urte hauetan zehar argitara ateratzeagatik, eta, bestetik, titularrek beren zerbitzuak legez eskaintzeko izandako interesarengatik. 2015ean 411 AT (apartamentu turistiko) edo ET (etxebizitza turistiko) zenbatu baziren, egun guztira 854 establezimendu daude erregistratuta, 2018an baino %12 gehiago (761).

Freetours

Eskaintza turistikoarekin zerikusia duen eta azken aldian Nafarroan ikuskatzen ari den beste alderdietako bat ustez "doako" bisita-eskaintzak dira, Freetours bezala ezagutzen direnak. Jarduera horri dagokionean, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak gogoratu du zerbitzu horiek derrigorrez inskribatu behar direla Nafarroako Turismo Erregistroan.

Freetours-en filosofia da bisitariak ezartzen duela prezioa, eta Nafarroan era horretako bisitak gehiegi ez izan arren, Zuzendaritza Nagusiak azpimarratzen du, balio erantsiaren gaineko zergarako (BEZ) Ogasunak enpresa-jarduera edo jarduera profesional moduan hartzen badu, zerbitzu horiek eskaintzen dituzten pertsonek jarduera erregistratu behar dutela.

Aurtengo urtean zehar, 10 pertsonaren eskaintzak detektatu dira, ez beti identifikagarriak, eta zerbitzu hori modu irregularrean eskaintzen zuten 5 web gunetan. Dena den, web gune horietan badira behar bezala erregistratuta dauden enpresen eskaintzak ere.

Gida turistikoaren lanbideak ez du araudi espezifikorik Nafarroan, eta ez dago txartel edo gaikuntza espezifikorik; hala ere, jarduera behar bezala araututa dago, eta zerbitzu horiek eskaintzen dituen pertsonak turismo-enpresa eta/edo kultur enpresa Nafarroako Turismo Erregistroan erregistratu eta erregistro-zenbakia jakitera eman behar du.