Nafarroako Gobernuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak martxoaren 24tik, 445 kontsultari erantzun die, COVID-19 a dela eta, turismo-sektorean aplikatutako neurrien eraginarekin lotuta. Gehienak erreserbak ezeztatzearekin eta horien itzulketekin lotuta daude, baita funtsezko langileei ostatu emateko baldintzekin eta laguntza ekonomikoekin ere. Gainera, zuzendaritza nagusia krisi honen aurrean ekintza plana lantzen ari da, turismo establezimenduak berriro irekitzeko ondo prestatuta atera daitezen helburuarekin.

Orain arte egindako kontsulten artean (186 848428016 telefonora deituta egin dituzte eta 259 turismo.comercio.covid19@navarra.es posta elektronikora idatzita), ostatu turistikoen arduradunek zalantzak aurkeztu dituzte sektorearentzat aurreikusitako laguntzen eta horiek izapidetzeko moduaren inguruan edota erreserbak ezeztatzeko eta fidantzak itzultzeko baldintzei dagokienean. Horrez gain, kontsulta ugari egin dira langileen eta autonomoen erregimenaren baldintzen inguruan, Gizarte Segurantza eta zerga-kontuekin lotuta, besteak beste.

Gai horiei guztiei erantzuteko eta turismo-sektorea jakinaren gainean izateko helburuarekin, Zuzendaritza Nagusiak buletin berezi bat argitaratzen du aldizka informazio praktiko eta eguneratuarekin. Gaur egun, guztira sei buletin bidali zaizkie turismo eta ostalaritza sektoreko 2.600 ordezkariri, nahiz kontsortzio, elkarte eta toki-erakundeei. Buletin horietan, araudiei eta neurriei buruzko informazioa agertzen da, sektorearen eskaerei erantzute aldera. Buletina jaso nahi izanez gero webgune honetan egin daiteke eskaera.

Gainera, Zuzendaritza Nagusia, lurraldeko agente publiko eta pribatuekin elkarlanean, konfinamenduaren ondorengo ekintza-plana garatzen ari da, Nafarroako turismo-sektorean jarraitu beharreko estrategia orientatzearren. Horretarako, gaikako bilerak antolatzen ari dira sektorearekin, haien premiak jaso eta jarduera-ardatzak aztertze aldera, betiere helmugaren indarguneak kontuan hartuta. Modu horretan, parte hartzeko dinamika abian jarri nahi da, sektore osora zabaltzeko, Turismoko Plan Estrategikoa onartzeko aplikaturiko ereduari jarraiki, baina, oraingoan, “webinar” elkarreragile formatuan.

Estrategiaren asmoa da, besteak beste, irekiera-faserako komunikazioa garatzea, Nafarroako turismo-erakarpenak batuaz; hala nola, gastronomia, paisaia eta natura, COVID-19aren ondoren turismoak eskatuko dituen ezaugarriak sustatuta, hots, segurtasuna eta higienea edo eremu irekietako jarduerak.

Bisita birtualak

Nafarroako Gobernuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusia komunikazioaren euste-fasean ari da lanean gaur egun, bisitatzen gintuzten pertsonak turismo-komunitate birtualen bidez entretenitzeko eta haiei lagun egiteko.

Komunitate horien bitartez, bisitariak birtualki kontsulta eta ezagutu ditzake Foru Komunitatea nahiz bertako elementu naturalak, ondare-arlokoak eta kulturalak, Nafarroako anekdotak eta historia, bertako gastronomia eta produktuez gain.

Adibidez, Turismoko sare sozialetako profil ezberdinen bitartez, birtualki bisitatu ahal izan dira Erriberriko Errege Jauregia, Amaiur, Xabierko Gaztelua edota Errege Bardeak; halaber, egun hauetako ekitaldi tradizionalak ezagutzeko aukera egon da, tartean, Luzaideko Bolanten dantza edo almadien jaitsiera Burgin.

Horrez gain, Nafarroako garaiko produktuak ezagutzeko gonbita luzatzen zaie herritarrei, Erresumako errezeten proposamenarekin; esate baterako, zainzurien carpaccioa. Errezetak Nafarroako Turismoren facebook orrialdean kontsulta daitezke.