Nafarroa destino seguru gisa posizionatzen ari da Foru Administrazioak eta turismo sektoreak batera egindako lanari esker. Lan horretan, beharrezko protokoloak eta neurriak aztertu eta zabaldu dira, beren segurtasuna bermatzen laguntzeko bai sektorean lan egiten duten pertsonei, bai bisitari eta turistei. Horrela, Nafarroak sektorearen konpromisoa bistatzearen eta konpromiso hori babestearen alde egiten du indarrez, estatuak bezala, kontingentzia planen, erantzukizunpeko adierazpenen eta berariazko prestakuntzaren bidez.

Halaber, turismo sektore pribatua eta Nafarroako eta Espainiako turismo administrazioak bat etorri ziren, eta adierazi zuten garrantzitsua dela protokolo komun batzuk izatea Espainia osoarentzat eta ezarpen eta aitorpen komunak gauzatzea, turistak ez nahasteko.

Horixe izan da Nafarroako Turismo Jardunaldietako lehenengoan atera den ondorioetarako bat. Ekitaldia maiatzaren 27an, asteazkenean, egin zen, eta horretan parte hartu zuen Isabel Oliver Turismoko estatu idazkariak. Ekitaldi horren bidez, online topaketen ziklo bat abiarazi da, eta, bertan, turismo sektorearentzat estrategikoak diren hainbat kontu landuko dira, hala nola berrikuntza eta COVID-19aren eraginak sortutako agertoki berriaren aurrean destinoa egokitu beharra.

Manu Ayerdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako kontseilariak ireki zuen online topaketa, eta bere hitzaldian Nafarroako ahal handia nabarmendu zuen indarrak aipatuta (paisaia, natura eta kultura), baita turismoak gaur egun eskatzen dituen balioak ere (segurtasuna, higienea eta espazio irekiak). Foru Komunitateak abiapuntu ona du, dagoeneko finkatua baitu plan estrategikoa. Dena den, egoera berrirako berariazko ekintza plan batera egokitzen ari da orain plan hori, sektore publikoaren zein pribatuaren laguntzarekin.

Hori dela eta, une honetan Nafarroak garrantzi handia ematen die turismoa modu seguruan berrabiarazteko protokoloei, prestakuntza eta informazio ekintzak gauzatuz eta sektorearekin etengabeko komunikazioa izanez.

Sektorearen kontsultak zentralizatzea
Angel Mari Loperena Bideak-Turismo Jardueretako Enpresen Nafarroako Elkarteko buruak jardunaldian landu zen elementuetako bat aipatu zuen: sektorearen zalantzak argitze aldera leihatila bakarra izatearen garrantzia. Alde horretatik, pandemiari lotutako neurriak ezarri zirenetik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak kontsultarako kanal zentralizatu bat abiarazi du, telefono-zenbaki eta helbide elektroniko propioak dituena; baliabide horiek aktibo egoten jarraitzen dute deskonfinamendu fasean, eta dagoeneko mila eskaera zehatzi baino gehiagori erantzun diete.

Maitena Ezkutari Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak azaldu zuenez, neurri hori “Ekintza Plana 2020-2022” proiektuaren barnean dago, eta planak badu sektorearen parte-hartzea. Ekimenak bi helburu ditu: alde batetik, COVID-19aren eraginak sortutako emergentzia egoerari azkar erantzutea; eta, beste aldetik, “begirada sakonagoa” izatea, etorkizunari begira aldatzeko behar diren elementuak indartzen dituena.

Eremu horretan, Nafarroako turismo sektoreari kontsulta bat egin zaio online inkesta baten bidez. Kontsultan mila lagunek baino gehiagok hartu dute parte, eta horrek agerian uzten du sektoreak konpromisoa hartu duela segurtasunarekin eta jardunbide egokiekin. Inkestaren bidez, parte-hartzaileek eskatzen zuten sakontzea segurtasun protokoloetako prestakuntzan eta berrikuntzari, komunikazio sozialari eta komertzializazio plataformei lotutako alderdietan.

Konfiantza, balio handiena
Jardunaldian alderdi bat nabarmendu zen: bisitariaren konfiantza funtsezko elementua izanen da.
Alde horretatik, Isabel Oliver Espainiako Gobernuko Turismoko estatu idazkariak azpimarratu zuen beharrezkoa dela “posizio berria hartzea” eta “destino segurua garela” jakinaraztea. Horretarako, konfiantza sortu beharra dago. Hori dela eta, protokolo batzuk zehaztu dira, bakarrak direnak turismoaren nazio mailako balio-kate osoarentzat eta autonomia-erkidegoen adostasuna jaso dutenak. Jada 21 gidaliburu prestatu dira turismo sektorean arriskua murrizteko. Osasun Ministerioa horiek baliozkotzen ari da, eta Europar Batasunari jakinarazi zaizkio, Europako protokolo komunetarako eredu izan daitezkeelakoan. Gainera, protokolo horiek ISO arau bihurtzeko lan egiten ari dira.
Halaber, Nacho Calvo Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkarteko idazkari nagusiak adierazi zuen ziurtagiriak eta neurri komunak garrantzitsuak direla, Espainia barnean ez ezik, Europa mailan ere, Osasunaren Mundu Erakundearekin bat eginda.
 
Bestalde, Margarita Cuelli Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuko zuzendariak azaldu zuen nola ematen ari zaion sektoreari protokolo horietako gaikuntza, bai prestakuntza saioen eta jardunaldien bidez, bai prestakuntza sakonagoaren bidez. Alde horretatik, aurreikusi da ekainaren 1ean webinario bat egitea gai honi buruz: COVID-19ak irauten duen bitartean turismo enpresak abiarazteko metodologia.

Aterpe, udaleku, igerileku eta bainurako eremu seguruak
Sagrario Laborda Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Elikagaien Segurtasunaren eta Ingurumen Osasunaren Zerbitzuko buruak nabarmendu zuen Nafarroak urtarriletik duela egina elikagaiak manipulatzeko gidaliburu bat, Europako arauekin bat datorrena eta nazio mailan proposatzen diren protokoloetara oso ongi egokitzen dena. Gainera, ikuskatzaileei prestakuntza eman zaie neurri berrien inguruan, COVID-19aren aurrean establezimenduek izan ditzaketen zalantzei buruz aholku eman dezaten.

Beatriz Huarte Ostalaritzako Enpresa Txikien Nafarroako Elkarteko (ANAPEH) idazkari nagusiak azpimarratu zuen sakondu egin behar dela aterpeen espezifikotasunetan eta udaleku, igerileku eta bainurako eremuen espezifikotasunetan. Horri jarraikiz, Sagrario Labordak zehaztasunak eman zituen denboraldi honetan horietaz guztiez gozatzeko. Gauzak horrela, lehenengoek osasun zaintzako programa bat izanen dute, eta bainurako eremu naturalei, berriz, uren kalitatearen jarraipena eginen zaie.
Horrez gain, Ignacio López-Goñi Nafarroako Unibertsitateko Mikrobiologia katedradunak aztertu zuen zer portaera duen birusak hainbat ingurune eta azaletan, birusa ez-aktibo bihurtzeko modurik eraginkorrenari buruz turismo sektoreak egin dituen galderei erantzuteko asmoz.

Saioan aukera egon zen panelistek beren artean eztabaidatzeko, eta, era berean, ikus-entzuleen galdera asko jaso ziren (gehienbat, turismo sektore pribatuarenak). Horrek agerian uzten du Nafarroako turismo sektoreak konpromiso irmoa duela segurtasun neurriekin. Jardunaldien ziklo honen dinamizatzailea Nagore Espinosa in2destination Research and Consultancy in Tourism enpresako zuzendari exekutiboa da.