Fitur 2020ren lehen jardunaldian Nafarroak kirolean eta naturan oinarritu du bere proposamen turistikoa. Eskaintza horretan, protagonismo berezia hartzen du zikloturismoak, Foru Komunitatea Europako ibilbide nagusiek Iberiar Penintsulara sartzeko izango duten erreferente eta ate bilakatu nahi duen kirol-modalitate gisa.

Turismoa sustatzeko Madrilen egiten ari diren hitzorduan Manu Ayerdi Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria egon da. Foru Komunitateak stand bat eta programa zabal bat ditu, “Nafarroa 5 garai, 5 urtaro/Navarra 5 tiempos, 5 estaciones” goiburuarekin. Ideia horrekin, lau urtaro tradizionalekin batera, Nafarroak bosgarrena ere eskaintzen duela azaldu nahi da, bertako izaerarekin, kontatzeko modu bereziarekin, begiratzen eta deskubritzen laguntzearekin, partekatzearekin eta bizitzearekin erlazionaturikoa.

Azoka, 50 kazetari espezializaturi eta hainbat herrialdetako Espainiako turismo bulegoetako langileei zuzendurik egon den 2020ko berrikuntzen aurkezpen ekitaldiarekin hasi da. Ekitaldian Maitena Ezkutari Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusiak hartu du parte, eta Nafarroak urtean zehar bisitarientzat dituen ezaugarriak eta jarduerak azaldu ditu.

Aurkezpen espezializatu hau egiten den bigarren urtea da, eta turismoa sustatzeko lan horrek urtean zehar jarraitzen du ohitzeko bidaiak antolatzen, taldekoak edo banakakoak, non preskriptore turistikoek Nafarroako erakargarritasunak in situ ezagutzeko aukera duten.

Kirol, natura eta bizikleta turismoa

Arratsaldean, mahai-inguru bat egin da, Chus Blazquez zikloturismoan espezialista eta Pangea Ibilbideen arduradunak moderaturik. Manu Ayerdi Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak bertan nabarmendu duenez, “Nafarroan, lurraldearen identitatearen elementu indartsua da natura, lurraldeari aniztasuna eta berezitasuna ematen dizkio, eta baita Landa guneetan-Naturan segmentu espezifikoak gauzatzeko aukera ere, zikloturismoa, besteak beste. Horiek guztiek, kulturan oinarrituriko esperientziekin uztarturik, bidaiarako programa paregabea osatzen dute”.

Zehazki, bi mendi-estazio berriren eskaintza aurkeztu da: Eremua (BTT eta trail running) eta Irati-Abodi (eski nordikoa, erraketak eta BTT); eta baita Ederbidea bizikletan egiteko bideen mugaz gaindiko proiektua, Irantzu ibaiaren arraileko Baso Magikotik egiten diren bisita antzeztuak eta Arantza Hotelaren 5 izarreko esperientziak ere.

Foru Komunitateak gaitasun handia du zikloturismoaren arloan jomuga garrantzitsu bihurtzeko, eta, ondorioz, hori da 2018-2025 epealdirako Turismoko Plan Estrategikoaren lehentasunetako bat. Gogoratu behar da Nafarroak balizaturiko 1.764 km dituela bide berdeetan, Bidasoaldean (34), Plazaolan (41), Iratin (6,4), Vasco-Navarron (29), Tarazonikan (13) eta beste asko BTT guneak izenekoetan, Lizarraldean (1.120), Eremuan (120) edo Irati-Abodin (400), adibidez.

Esther Urtasun Nafarroako Gobernuko Turismo Produktuen eta Lurralde Iraunkortasunaren Sekzioko buruak azaldu duenez, eskaintza horrekin “bizikleta-turismoa egiten duten erabiltzaile mota guztiak ase daitezke”. Ibilbide horiek guztiak, Eurovelo 1 (EV1) Atlantikoko Kostaldeko Ibilbidearekin, eta Eurovelo 3 (EV3) Erromesen Ibilbidearekin lotura ezartzeko aukera emango dute, eta familian aritzen den txirrindularientzat, jendearentzat oro har eta mendiko bizikletaren erabiltzaileentzat, errepideko txirrindularientzat eta kirolarientzat pentsatuta daude.

Ederbidea, Eremua eta Irati-Abodi

Maitena Ezkutari, berriz, POCTEFA proiektuko bazkideek (Nafarroa, Gipuzkoako Aldundia eta Pirinio Atlantikoak) abian jarri duten Ederbidea proiektuari buruz mintzatu da.

Mugaz gaindiko programa da, eta Iruñea, Donostia eta Baiona lotzen ditu 240 kilometroko ibilbidean. Horren bitartez, hainbat etapa dituen ibilbidea bilatzen duten zikloturistak erakarri nahi dira, europarrak, batez ere. Era berean, sektorearen desestazionalizazioaren helburua lortzeko aukera emango du.

Nafarroako Gobernuak bost lotetan garatzen du lanen azken partea, eta aurtengo martxorako amaiturik egonen dira. Amaitutakoan, bi bide berdeen, Bidasoakoaren eta Plazaolakoaren, arteko lotura lortuko da, eta horrek, aldi berean, EuroVelo 1aren lotura eta garapena ekarriko ditu. Horri esker, tokiko garapena erraztuko duen turismo iraunkorragoa bultzatuko da.

Mahai-inguru horretan, Jorge Vaquero proiektuaren zuzendari teknikoak Eremua ere aurkeztu du. Eremuak Nafarroako Pirinioetako naturgune handia izan nahi du, kirol, kultura, mikologia edo turismo arloetara zuzenduriko alternatibekin. Ekimen horrek alderdi bikoitza du, bat trail-a (oinez) eta beste bat BBTa (bizikletaz).

Eremuako ibilbideak Zubirin eta Eugin hasten dira, eta nahi den zailtasun-mailaren arabera aukeratu daitezkeen distantziak eta desnibelak dituzten 15 ibilbide biltzen dituzte. Horrez gain, kirol ekitaldi bat ere badu: Nafarroa Xtrem, apirileko azken asteburuan korrituko den mendiko lasterketa, hiru segmenturekin: 68 kilometro eta 4.000 metroko desnibela duen luzeena; 32 kilometro eta 2.000 metroko desnibela duen ertaina; eta 21 kilometro eta 1.200 metroko desnibela duen maratoi erdia.

Era berean, Amaia Aiarrak Irati-Abodi zentro berrian eski nordiko eta erraketa jardueraren berri eman dute. Jarduera hori, urteko sasoi guztietan Iratiko Oihaneko alternatiba bihurtzeko bokazioarekin jaio da.

Neguan, eski nordikoko hiru pistak eta elur-erraketekin aritzeko pista izango dira erakargarritasun nagusiak. Udaberritik aurrera, zentroak BTT alokatzeko zerbitzuarekin zabalduko du bere eskaintza, inguruko pagadi eta izeietan barrena ibiltzeko; eta urteko edozein garaitan erreferentziazko puntua izango da Orhira eta beste gailur batzuetara igotzen diren eta Pirinioetan mendi-ibilaldiak egiten dituzten ehunka pertsonentzat.

Hegaztien behaketa eta esperientziak naturan

Arratsaldeko mahai-ingurua egiten ari zen bitartean, Eder-Cederna Garalur Partzuergoak sustatzen duen Nafarroako Mendialdeko eta Erriberako hegaztien behaketa proiektua ere azaldu da. Abel Casado eta Nahikari Uriarte erakunde horietako ordezkariek azaldu dutenez, behatokietan, begiratokietan, etxoletan edo dorreetan oinarrituriko produktu turistikoa sortzea da helburua, ibilbideak eta liburuxka pedagogikoak barne. Horrela, hegaztiak behatzeko Mendian dauden 10 guneei gehituko zaizkien azpiegitura gehiago izango ditu laster Erriberak.

Bestalde, Irantzuko Lurretako Charo Apesteguiak “Baso Magikoa” proiektua azaldu du; apiriletik irailera bitartean egingo da, inguruko hainbat ibilbide naturaletan. Halaber, “Energia positiboaren, osasunaren edo ongizatearen babesleku” gisa pentsatuta dagoen “Arantza Hotelaren” 5 izar esperientzia ere Alberto Madinabeitia, hotel-establezimendu honetako kudeatzailea.

Sare sozialetako koordinazioa 2021eko Xacobeorako

Azkenik, Nafarroako, Gaztela eta Leongo, Euskadiko, Galiziako eta Errioxako gobernuetako ordezkariekin eta Kultura eta Kirol Ministerioko ordezkariekin ere bildu da Fitur Foru Komunitatea gaur, asteazkena, sare sozialetan lan egiteko estrategia bati ekiteko, datorren urtean Xacobeo 2021 egiteko.

Proiektu hau, Foru Komunitatea duela buru, eta beste erkidego batzuek ere, Aragoik eta Asturiasek esaterako, parte hartzeko interesa agertu dute. Proiektu horren bidez, Administrazioak Donejakue bideari buruz egiten duen komunikazio digitala koordinatu nahi da, erromesek sare sozialetan agertzen dituzten erabilera, kontakizun eta beharretara egokituz.

Hurrengo egunetarako egitaraua

Biharko jarduerak gastronomian zentraturik egongo dira goizez, eta turismo kulturalean arratsaldez. Horrela, Gaturi ezagutaraziko da, Nafarroako turismo-sektorearen ahaleginak Errioxako, Euskadiko eta Frantzian dauden Iparraldeko eta Biarnoko eskualdeekin batzen dituen gastronomia eta nekazaritza-elikagai proiektua.

Gainera, Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilariak “Reyno de Música en Vivo” proiektua ezagutaraziko du. Foru Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuek sortu berri duten marka da, eta Nafarroako musika eskaintza sustatu eta bilduko du.

Ostiralean, urtarrilaren 24an, Nafarroaren Eguna ospatuko da Fitur plazan, ekitaldi instituzional batekin. Ekitaldi horretan, Maria Chivite Foru Komunitateko lehendakariak hartuko du parte, zenbait kontseilarirekin batera.

Azokak aurrera jarraituko du asteburuan, hainbat pertsonaia mitologiko bilduko dituen akelarrearen antzezpenarekin, larunbatean, eta baita Nafarroako zenbait produkturen dastaketekin ere.