Nafarroako  Lehendakari María Chivitek nabarmendu du hurbileko turistak Nafarroan izan duen presentzia, eta Navarturren irekiera ekitaldian barnealdeko turismoak Foru Komunitatean  izan duen hazkundea: "Hazkundearen eragileetako bat da, eta iaz gehien hazi zen jatorria; gainera, urte osoan jarduera sortzen digun turismoa da, eta eskaera deslokalizatzen laguntzen diguna", adierazi du. Hori dela eta, "ezin dugu hurbileko publikoa alde batera utzi, enplegu gehiago eta jarduera ekonomiko gehiago dakarrelako eta etengabe hobetzeko erronkaren aurrean jartzen gaituelako", gaineratu du.

Chivite Lehendakariarekin batera, inaugurazio-ekitaldian izan dira Nafarroako Gobernuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari; Iñaki Cortés, Navarturreko zuzendaria; Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkarteko presidentea, Ana Beriáin; eta Juanchi Patús, Nafarroako Bidaia Agentzien Elkartearen ordezkaria. Horrez gain, bertan izan dira La Palmako Uharteko Kabildo Txit Goreneko Sustapen Ekonomiko, Enplegu eta Merkataritza kontseilaria, Raquel Noemí, eta Turismo kontseilaria, Francisco Raúl Camacho.

Chivite Lehendakariak azpimarratu du turismoak Nafarroa egituratzeko duen funtzioa, “iparretik hegora eta ekialdetik mendebaldera zubiak, sinergiak eta historiak sortzeko modu bat”. Gainera, Foru Erkidegoko eskaintzan ukitzekoak ez diren elementuak nabarmendu ditu: “gure berezko izaera indartzen duten gauzak: bizi-kalitatea, gure jendearen zabaltasuna, gure zaporeak, kultura, paisaiak, historia, tradizioak, hizkuntzak… ukigarria izan gabe bizi egiten dena”. Halaxe adierazi du Navartur Nazioarteko Turismo Azokaren XV. edizioaren irekiera-ekitaldian.

osoan zehar, Nafarroak turismo-eskaintza zabala du bertoko zein atzerriko turistentzat (2019an nazioarteko 420.000 turista baino gehiago etorri ziren Foru Erkidegora), hainbat jarduera barne dituena: bizikletaz egiteko ibilbideak, “oso maila handiko” lehengaiak dituen turismo gastronomikoa, etab.: “Askotariko ezaugarriak dituen lurraldea gara, ongizatea, abegikortasuna eta interes handiko kultura eta ondarea eskaintzen dituena. Gure turismoa slow apustua da (lasaia), 2030 agendako helburuekiko koherentziaz hazten ari dena”, adierazi du Lehendakariak.

Azkenik, Lehendakariak turismo-sektore osoaren lana eskertu du, “hark sostengatzen eta elikatzen baitu turismo-eskaintzaren lantegi hau”, eta ildo horretatik, nabarmendu egin du “Nafarroa helmuga gisa sustatzen duen sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza”. Horrez gain, turistei dei egin die “etor daitezen eta ezagut gaitzaten”, eta nafarrei eskatu die “jarrai dezatela esploratzen, aurkitzen eta saiatzen, beti izaten delako zer ikusi, zer egin eta zer bizi. Egunero aurkitzen ditugu bazter eta bizipen gehiago, dibertsitatean biltzen gaituzten inguru batekiko eta bizimodu batekiko lotura sortzen dutenak”.

Navartur Nazioarteko Azoka

ekimen pribatuko azoka bat da, Nafarroako Gobernuarekin eta Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkartearekin elkarlanean antolatua, eta persona guztiei irekia dago. Baluarten dago, eta 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era bisitatzen ahal izanen da.

2019an 42.000 bisita baino gehiago hartu zituen, eta oraingo ediziorako 35 erakustoki daude baieztatuta, espainiar autonomia-erkidegoetakoak, Nafarroako Turismoa barne, baita atzerrikoak ere, Akitania Berrikoak, Dominikar Errepublikakoak eta Oportokoak esaterako.

Navarturrekin batera, eta azokaren barnean, FoodTrex Navarra, Turismo Gastronomikoko III. Nazioarteko Biltzarra eginen da. Bertan turismo gastronomikoaren komertzializazioaz eztabaida eginen da, ekoizleen eta bidaia-antolatzaileen arteko topaketa eta guzti.

Halaber, Eskozia Berrian (Kanada) eta Costa Bravan izandako arrakasta aztertuko da, eta bisita eginen zaie Nafarroako zenbait turismo-guneri (upategiak, Idiazabal gazta egiteko instalazioa, eta Tuterako ortua).