Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari Manu Ayerdik eta CaixaBankeko Nafarroako lurralde-zuzendari Ana Diez Fontanak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, eta bertan jasotzen da 1.000 milioi euroko finantzaketa-lerro bat abian jartzea, Donejakue Bideari lotutako turismo-ostatuentzat, establezimenduak berritu eta negozio berriak ezartzen badituzte Xacobeo 2021 egiteko.

CaixaBankek, turismo-sektorean espezializatutako Hotels & Tourism negozio-lerroaren bitartez, 1.000 milioi euro jarriko ditu Donejakue Bideko ibilbide guztietako ostatuen eskura, haien jarduera komertziala hobetzen laguntzearren.

Gaur egun, 2018ko datuen arabera, Foru Erkidegoan guztira 576 ostatu daude, eta 15.189 plaza eskaintzen dituzte Donejakue Bidean; hau da, Nafarroako ostatu guztien %41,49a osatzen dute.

CaixaBanken diru-ekarpena bi lerrotan banatuko da. Lehena 950 milioi eurokoa da, eta horri esker Santiago bidean kokatutako turismo eta hotel sektorea bultzatu eta dinamizatu ahal izango da, Xacobeo 2021 egiteko ahalik eta azkarren prestatu daitezen. Kreditu-lerro horren bitartez, besteak beste, landako ostatuak eta aterpetxeak modernizatzeko premiak finantzatu ahal izango dira, sektore horrek etengabe berritzea eta kalitatezko apustua egitea eskatzen baitu.

Bigarrena mikrokredituekin osatuko da, MicroBanken bitartez 50 milioi euro jarriko baititu Bidea igarotzen den herrietan ekintzailetza bultzatzeko, erromes-ibilbideko eskaera artatzen duten enpresa berriak sortuta. Ekimen honekin Bidea igarotzen den bide ezberdinetan dagoen zerbitzu-zorroa gehitzeko eta hobetzeko negozio berriak sustatu nahi dira, aldi berean enplegua ere sortzeko.

Finantzaketa-lerro horiek Nafarroan Santiago Bidea igarotzen den herri guztien eskura jarriok dira, eta gehitu ahal izango dira hasierako zenbatekoa baino kreditu-eskaera gehiago egiten badira.

Turismo Planaren helburua

Ekitaldian zehar, Nafarroako Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari Manu Ayerdik eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusi Maitena Ezkutarik azpimarratu dute Donejakue Bidea oso erakargarria dela bereziki nazioarteko turismoarentzat, eta erromesak artatzen dituzten ostatuak eta enpresak garrantzitsuak direla bidearen inguruko herrien garapen ekonomiko eta sozialerako.

2018. urtean, Nafarroako Gobernuak Donejakue Bidearen Lan Mahaia sortu zuen lankidetza publiko-pribatua sustatzeko agente guztiekin, baliabideak optimizatu eta Donejakue Bidearekin loturiko alderdi guztiak modu adimentsuan kudeatzeko eredua ezartze aldera. Ayerdi kontseilariaren arabera, “CaixaBankekin egindako finantzaketa-akordioa egundoko aukera da Santiago Bidea dinamizatzeko, horixe baita Turismo Planean (2018-2025) dugun helburuetariko bat. Xacobeo 2021 erabateko erronka da Nafarroarentzat, eta hori aprobetxatu nahi dugu”. Nafarroako Erromesen Profilaren Azterketa inkestaren arabera (2018), Nafarroako etapetako ibiltarien asebetetze-maila oso ongi altua da. Inkesta egindako pertsonen %86,4ak ez du inolako alderdi negatiborik ikusi Nafarroako bideetan igarotzean. Beraz, “datu oso onak dira”, baieztatu du Maitena Ezkutarik. “Baina maila horretan egon edo hobetu nahi badugu, jarduera gehiago proposatu, zerbitzuak gehitu eta berritu behar dugu”.

Bestalde, Ana Díez Fontanak, CaixaBanken Nafarroako lurralde zuzendariak, nabarmendu du erakundearen asmoa dela Nafarroako sektore turistikoari laguntzea Xacobeo 2021 herrialde osoarentzat erronka dela ikusita, “zerbitzu bikaina eta bereizlea ematen jarrai dezaten”. Gainera, “CaixaBank Hotels & Tourism-en bitartez, beharrezko finantzaketa alde batera utzita, kalitatezko eta hurbiltasuneko zerbitzua eskaintzen duten profesionalen taldea jarriko dugu sektorearen eskura”, adierazi du. Eta, azkenik, ziurtatu du turistak eta bisitariak “etxean bezala sentituko direla, Nafarroa erromesari ostatu ematen dion lurralde abegitsua baita, eroso sentiarazteko ahal duen guztia egiten duena; hori ageri da Foru Erkidegoko zerbitzu turistikoen kalitatean”.